
2008-04-18 | 14:58:26
POLITIKA
Villabonako AAM: «Gu geu ere epaituak sentitzen gara»
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiketa hasiko da astelehenean; Julen Zelarain da auzipetuetako bat
Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) prentsarrekoa egin du Julen Zelarain billabonatarrari babesa emateko. Astelehenean AAM aurkako epaiketa hasten da Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Zelarain da auzipetuetako bat. Prentsaurrekoan azaldu zenez, «gu geu ere epaituak sentitzen gara. Elkartasuneko eta errepresioaren salaketarako hamaika ekimenen partaide izan garelako eta aurrerantzean ere partaide izaten jarraitu nahi dugulako».
Prentsaurrekoan 25 lagun inguru bildu ziren eta Julen Zelarain bera ere bertan izan zen. Herriko preso politikoak ere gogoan izan zituzten beraien argazkiekin. AAMak azaldu zuenez, datorren astetik hasita epaitu nahi dutena «Estatuen biolentzia eta errepresioaren salaketa eta euskal preso nahiz errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da».
AAMren aurkako epaiketarekin, Frantziako eta Espainiako estatuak «euskal gizartearen eta munduarean aurrean biluzten dituen» eta bere izaera «ez demokratikoa» begi bistako egiten duen «lekuko nagusia erditik kendu» nahi dutela salatzen dute.
Prentsaurrekoan bildu zirenek, AAMk egiten duen lana ez dela delitua esan zuten: «Dispertsioa salatzea ez da delitua. Tortura salatzea ez da delitua. Errepresioa salatzea eta pertsonen eskubideak babestea ez da delitua. Elkartasuna ez da delitua. Preso, iheslari eta beraien senitartekoak lagundu eta babestea ez da delitua». Salaketak egitera eta elkartasuna adieraztera bultzatzen duen «salbuespen egoera, eskubide urraketak, tortura ahalbidetzen duen tresneria... dira delituak», azaldu dute.
AAMren aurkako epaiketa salatzeko hainbat mobilizazio eta ekintza antolatu dituzte. Eskualdean ere egingo dira. Prentsaurrekoan bildutakoek dei egiten dute Euskal Herriko gizarte guztiari ekitaldi hauetan parte hartzera.
Mobilizazioak
Apirilak 25: Mobilizazio eguna Euskal Herrian.
Maitzak 6: Kultur mailako eragileen prentsaurrekoa.
Maiatzak 8: Eskualdeko manifestazioa Tolosan.
Maiatzak 10: Mendi martxa Uzturrera. Bertan ekitaldia egingo da.
Maiatzak 17: Manifestazio nazionala Bilbon.
Maiatzak 8: Eskualdeko manifestazioa Tolosan.
2008-04-18
Duintasunaren adibide zarete. Amnistia eta askatasuna!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.