Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Villabona
2008ko azaroak 23, Igandea

;2008-09-06;Euskal ohiturak Belgikara gerturatu ditu Udaberrik

Euskal ohiturak Belgikara gerturatu ditu Udaberrik

Tolosa ðð Sint-Niklaas hirian ospatutako jaialdi batean hartu dute parte dantza taldekoek; gaur berriz, Izaskunen izango dira.

erredakzioA

Udaberri Dantzari Taldea Belgikako Sint-Niklaas hirian izan zen abuztuaren 9tik 15era bitartean. Euskal dantza tradizionalarekin euskal kultura eta folklorearen zatitxo bat erakusteaz gain, beste herrialdeetako dantzak ezagutzeko aukera ere izan zuten bertan.

Ekainean San Joan jaiak amaitu zirenez geroztik, Udaberriko dantzari eta musikariek Belgikarako bidaia buru-belarri prestatzeari ekin zioten. Europa aldera bidaiatzen zuten lehen aldia zen aurtengoa Dantza Taldeko belaunaldi gaztearentzat. Nahiz eta aurreko bi udetan Katalunia aldean izan ziren, emanaldi ezberdinak eskaintzeko. Honenbestez, gogo biziz ekin zieten entseguei Belgikako emanaldiak prestatzeko entseguei.

Belgikako Sint-Niklaas hirian bi urtez behin antolatzen da Volkskunstweek deritzon folklore jaialdia. Europa osoko talde ezberdinek parte hartzen dute bertan, eta aurtengoan, Udaberrikoekin batera, Belgika, Suedia, Gales eta Alemania aldeko taldeak ere aritu ziren.

Datza Taldekoen esanetan jaialdia «nahiko gogorra» suertatu zitzaien dantzariei zenbait momentutan. Izan ere, egunero dantzatu behar izaten zuten, eta hainbatetan bi aldiz ere bai. Dena dela, taldeko «giro apartak» eta ikuslegoaren txaloek neke guztiak arindu zizkieten.

Emanaldien artean aniztasuna izan zen nagusi. Izan ere, mota guztietako eskenatoki eta lekuetan astindu zituzten oinak: parkeetan, ezindu psikikoen aurrean, zahar- etxeetan, antzoki txikietan, plazetan eta areto handietan ere bai.

Emanaldi hauetan ia Euskal Herri osoko dantzak erakutsi zituzten: Gipuzkoako dantzak (Agurra, Desafioa, Brokel-dantza, Uztai-txiki dantza, Soinu zaharrak eta Saltokakoa), Bizkaiko Dantzari dantza, Ziekoko dantzak (Araba), Xuletino (Zuberoa) eta Fandangoa eta Arin-arina.

Dantza egiteaz gain ordea, jaialdiko egunerokoaren barruan zeuden ekintzen bidez, Sint-Niklaas, Brujas eta Belgikako kostaldea ezagutzeko aukera ere izan zuten tolosarrek.

«Zalantzarik gabe motibazio iturri bikaina izan da bidaia hau» Udaberriko partaideentzat, eta «horrelako beste bidaia bat antolatzeko irrikaz» daude. Momentuz, gaur, 12:30ean, Izaskun auzoko festetan ikusi ahal izango dituzte tolosarrek. Bestetik, hilaren 28an Uharte-Arakilen ariko dira eta urriaren 5ean, Irurako Kilometroak festan. Egun honetan hiru emanaldi eskainiko dituzte. Orain horiek prestatzen dihartute.

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.