
Desagertzearen liburua II
Uzturretik
Koldobika Jauregi
Eguraldia nahiko ona, hemen, uharte bidaiari honetatik, ez dut aspaldi inor ikusi. Botiletan mezuak bidali baina alferrik.
Desagertzearenak benetan beldurtzen nau, batzuetan hala den ala ez jakiteko arbolaren kontra joan eta zanpa! Hosti ederra hartzen dut, gehienbat ea zeharkatzeko gai naizen jakiteko. Ikusia daukat mamuek eta izpirituek ahal dutela eta honek beldurtu egiten nau.
Beraiek edonon edo eta edozein tokitik agertzen dira, lur azpitik barrena edo eta itsaso gainetik, behin ere ikusi nituen hodeien artetik irteten. Hori bai, baieztatu dut ni behintzat ez naizela gai itsaso gainetik ibiltzeko ez eta ere hegan egiteko, horrek esan nahi du oraindik ez naizela desagertzearen prozesuan abiatu.......
Nire etxea buru barruan daukat eta bat-batean hantxe azaldu zen koadrila bat edo behintzat neure buru barruko apaletan zebilen. Entzuna nioen nire lagun galiziar bati o santa kompaña-ri zerbait eta haiek ikusi bezain pronto ohartu nintzen.
Denak errenkan zetozen, aurrekoa korneta handi batekin, kamisetan ikurrina bat zeramala- rik, «campeones de Europa!» aldarrikatzen zuen, besteak txalotu eta danborra joaz zihoazen.
Bat batean, liskarretan hasi ziren, ez banien ere oso ondo ulertzen zeren marmarka ari ziren; mozorrotu egin nahi zutela, zen kontua eta zertaz? Batzuk toreroz, besteak Eskoziarrez, sevillarrez, galaxiako gerlarietaz edota erromatarrez. Oraindik gizaki itxura nabarmenagoa zuen batek, baserritarrez proposatu zuen.
Orduan bai izan zela isilunea... Bat-batean errenkan berriro jarri ziren eta jarraitu zioten bideari marmar triste batean, lotsati ote zeuden?
Ez dut askoz ere gehiago gogoratzen egun honetaz, esnatu eta hondartzara abiatu nintzen ea mezurik jaso ote nuen.
Azken bolada honetan noraezean bezala dabil uharte hau eta egia esan nahiago dut hala izatea.
Aspaldian jaso nuen mezu batean ala zioen: «Nire uhartea gelditzen ari da, lehen asko ginen baina orain ez dakit zer ari den gertatzen, jendea txapelak puskatzen ari da eta era berean desagertzen harrotasunarekin».
Biaduktu handi bat egiten hasi dira. Hasieran portu erraldoi bat ote zen pentsatu nuen, baina gero ohartu nintzen biaduktu moduko zerbait zela. Bukatu zutenean konturatu nintzen, urrutian ikusten nituen lurrak, lur arrotzak zirela eta neure kulturaz apartekoak; Ni bezalakoak gutxi geratzen dira, lehen uhartea zen lur zati honetan, orain marisma bat suertatzen ari da eta goroldioa non nahi.
Norbaitek jasotzen ba du mezua, argi ibili biaduktuekin. Zorte on.Ó
Nire uhartean, ordea, ez dago goroldioaren arrastorik, hori bai mamuak non nahi, beti ari dira marmarka isil ezin batean gero eta indartsuago; eta orduantxe izaten da neure kantekin eta esaldi zaharrekin hasten naizenean, hiztegitxoari ere errepasotxo bat ematen diot.
Konturatu nintzen zenbait abere, landare eta abar berriro ere gorpuztu egiten zirela aipatu orduko, akaso, desagertuak, inork aipatzen ez zituelako. Honela zela konbentzituta, behin desertu eremu batera inguratu nintzen, uhartearen beste aldean, orduantxe hasi nintzaion, landare eta abere aipatzen, baita aspaldian ezagututako lur sailen izen toponimikoak eta denborarekin bizia sortzen hasi zen.
Aipatzen den guztiak bizia omen dauka eta hori ziurtatu dut.
Nire marmarra neure herriarekin loturik dago eta ahal dudan neurrian egingo dut, zeren hizkuntza ahaztearekin gu eta gure lurra desagertzen da. Hor dago, hor gaude eta beste batzuk gara...
Uhartearen balantza honetan zein gustu.
Kirola
XVI. Mendiatloia
VILLABONA, Amasa - 2008-11-23
Deialdiak
25. Mendi Astea
VILLABONA, Gurea zinema - 2008-11-24
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.